Emakumeen eta gizonen eskubide- eta aukera-berdintasun eraginkorraren alde lan egiten duten instituzio publikoen politiken multzoa.
Mugimendu feministaren borrokaren ondorioz, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bermatzeko lege ugari bultzatu eta onartu dira. Horrekin batera, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzea helburu duten sail, erakunde eta bestelako egiturak sortu dira administrazio publikoetan: EAEn, Emakunde eratu zen 1988an; Nafarroan, berriz, Nafarroako Emakumearen Institutua sortu zen 1995ean, gaur egun Berdintasunerako Institutua dena; Iparraldeari dagokionez, Frantzian Emakumeen Estatu Idazkaritza sortu zen 1974an, eta, gaur egun, emakumeen eta gizonen berdintasunerako politikak gobernuaren mende daude.
Gaur egun ere, mugimendu feminista eta administrazio publikoa eskuz esku doaz Euskal Herrian, eta, neurri batean, berdintasunerako erakundeek mugimenduaren aldarrikapenak aintzat hartuta jarduten dute. Nolanahi ere, instituzioekin izan beharreko harremanaren eta haiekin batera egin beharreko ibilbidearen inguruko eztabaida dago feminismoaren barruan.
Feminismo instituzional terminoarekin batera, estatuaren feminismo eta femokrazia terminoak ere erabiltzen dira, neurri txikiagoan bada ere.